Plazaberrin harpidetu:

Sare sozialetan:

Twitter

Plazaberri

"Berria" egunkariak bere estilo liburu digitala aurkeztu du

Atzo, ekainaren 18an, Berria egunkariak bere estilo liburu digitala aurkeztu zuen. "Kontsultarako tresna eraginkorra, edonorentzat baliagarri, kazetari izan edo ez". Horrela hitz egin zuen Irene Arrarats Berriako euskara arduradunak. Aurkezpena Euskaltzaindiaren egoitzan egin zen, eta Arraratsekin batera hauek izan ziren: Martxelo Otamendi egunkariko zuzendaria, Andres Urrutia euskaltzainburua eta Mario Fernandez Kutxabankeko presidentea.

Estilo liburu digitalak bilaketa sistema erabilgarria du, liburuaren atalak (hiztegia, munduko eta Euskal Herriko geografia, deontologia, ortotipografia, onomastika...) arakatu ahal izateko. Kontsulta solteak egiteko aukera ematen du, eta azalpenak ere eskaintzen ditu. Besteak beste, Estilo Liburuan egindako azken eguneraketak nabarmenduko dira, gaikako hiztegi txikiak eskainiko dira, eta iradokizunak egiteko modua emango da.

berria2 txikia

 

"Obabakoak" liburuaren 25. urteurrena ospatzen

Obabakoak liburuak 25 urte bete ditu, eta urteurrena ospatzeko Bernardo Atxagaren lanaren edizio berri bana kaleratu dute Erein eta Alfaguara argitaletxeek, euskaraz eta gaztelaniaz, hurrenez hurren. Edizio biak atzo, ekainaren 18an, aurkeztu zituzten, Bilboko Arriaga Plazan jarritako karpa batean. Atxagarekin batera, hauek izan ziren aurkezpenean: Iñaki Aldekoa Ereineko editorea, Pilar Reyes Alfaguarako zuzendaria, Marta Cardenas artista -hamahiru ilustrazio egin ditu edizio berrirako- eta Pedro Alberdi Bilbo Zaharra euskaltegiko ordezkaria. Karpa horretan bertan egiten ari dira Obabakoak nobelari buruzko ekitaldi ugari. Izan ere, Bilbo Zaharra euskaltegiak liburuari eskainiko dio Klasikoen 6. irakurketa jarraitua.

Liburuari buruzko hiru hitzaldi antolatu dira asteon. Hala, atzo eta herenegun, bi hitzaldi eman ziren: astelehenean, ekainaren 17an, Bernardo Atxagak berak hitz egin zuen; atzo, Ibon Sarasola eta Inazio Mujika mintzatu ziren; eta gaur, ekainaren 19an, 19:00etan, Iñaki Irazu eta Joxean Goikoetxea arituko dira. Bestelako ekimenak ere egiten ari dira aste osoan zehar. Azkena, esan bezala, 6. irakurketa jarraitua izango da. Bihar, ekainaren 20an, egingo da, Bilboko Arriaga Antzokian, goizeko 08:00etatik iluntzeko 20:00etara. Urtero bezala, hainbat euskaltzain bertan izango dira, besteak beste, Andres Urrutia, Xabier Kintana eta Adolfo Arejita. Bernardo Atxaga ere bai, noski.

obaba 25 urte txikia

 

Euskal Kultur Erakundearen eta Euskaltzaindiaren arteko lankidetza-hitzarmena

Datorren asteazkenean, ekainaren 19an, Euskal Kultur Erakundeak eta Euskaltzaindiak bi erakundeen arteko lankidetza-hitzarmena sinatuko dute, Baionan, Akademiaren ordezkaritzan, goizeko 11:00etan. Euskal Kultur Erakundearen izenean Mikel Erramouspe lehendakariak sinatuko du, eta Euskaltzaindiarenean Andres Urrutia euskaltzainburuak.

Hitzarmen horrek Euskal Kultur Erakundearen eta Euskaltzaindiaren arteko harremana indartu eta beste eremu batzuetara eramatea du helburu. Oro har, bi erakundeok lankidetzan arituko dira, euskara eta euskal kultura zabaltzeko ekimenak areagotzeko asmoz.

 

thumb_ikurra

logo eke
 
HasieraAurrekoa 1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 Hurrengoa Amaiera