Urtero bezala, Nafarroa Oinez Nafarroako ikastolen aldeko festarekin bat egin du Euskaltzaindiak eta gaur, irailaren 26an, Zangozan izan dira euskaltzainak.
Goizean, 10:00etan, Angel Navallas Zangozako alkateak ongietorria eman die euskaltzainei. Udalaren izenean, alkateak "Zangozako Udalak Euskaltzaindiari, Zangozako Udaletxean ospatutako bileraren oroimenez. 2014/9/26" dioen oroigarria eskaini dio euskaltzainburuari.
Ondoren, Euskaltzaindiak Osoko bilkura egin du, Udaletxean. Batzarra amaitu denean, 13:00etan, aurtengo Nafarroa Oinez antolatzen duen Zangozako ikastola bisitatu dute euskaltzainek. Hor, umeek hartu dituzte: hasteko, txikiek, Esan, izan, Zangozan aurtengo festaren abestia kantatuz, eta gero DBHkoek, euskararen inguruko antzerki txikia antzeztuz.
Ondoren, ikastolako arduradunek opari batzuk eman dizkiote Euskaltzaindiari: "Zugan datza euskararen geroa" esaldia duen oroigarria eta Jose Javier Abadía margolariak egindako Santa Maria elizaren fatxadaren urmargoa. Bestalde, euskaltzain guztiek jaso dute Zangozako ikastolak 25 urte bete zituenean kaleratu zuen liburua.
Arratsaldean, Zangoza herria bisitatu dute Juan Cruz Labeaga historialariaren gidaritzapean.