Erakundearen berri

Euskaraz, hau da, euskal hizkuntzaz arduratzen den erakunde ofiziala da Euskaltzaindia (1919). Mintzaira horri buruzko ikerlanak egiten ditu, berori babestea du xedetzat, eta Euskaltzaindiak eman ditu hizkuntzaren normalkuntzarako arauak.

 

Hizkuntza Akademia honen euskal izena Euskaltzaindia da.

Indoeuroparra ez den hizkuntza da euskara, eta euskal hiztun gehienak Euskal Herrian bizi dira (Estatu frantsesaren eta espainolaren arteko mugaldean, Bizkaiko Golkoko barne-txokoan). Hizkuntzaren lurraldea hiru eremu administratibo ezberdinetan zabaldurik dago:

  • Espainiako erresumako Euskadiko eta Nafarroako Erkidegoetan.
  • Errepublika Frantseseko Pirinio Atlantikoko Departamenduan.

Euskaltzaindiak ezagutza ofizial osoa du, Espainian Erret Akademia bezala (1976), eta Errepublika Frantsesean Onura publikoko erakunde gisa (1995). Gizartearen aldetik ere herritarren artean aitormen orokor zabala bereganatu du. Arrazoi hauengatik, arauak emateko jarduera azkarra bizi izan du Euskaltzaindiak, betiere euskaldunen hizkuntza batasuna eta eguneratzea gidatuz, 1968tik hona, batez ere.

Adierazpenak

Xedeak

Euskaltzaindiaren berariazko helburuak Arautegi akademikoan azaldurik eta mugaturik daude (1920). Hasierako Arautegi hura behin eta berriz eguneratua izan da (eta osatua ere bai, Barne-Erregelen bidez), izan ere garaian garaiko hizkuntzazko edo kulturazko aldakuntzek halaxe eskatu baitute une bakoitzean (1954, 1972, 1976, 2005, 2009, 2011).

Euskara agerkariaren azala

Hala ere, Euskaltzaindiaren azken xedeez ziharduten arautegi-artikuluek berretsi baizik ez dituzte egin hastapenean esandakoak, premiazko zehaztapen berriak gehituz (ik., adibidez, 1976ko 1. artikulua). Horregatik, gogoratzekoa da Euskaltzaindiaren lehenengo Arautegian Erakundearen xedeak nola marraztu ziren (nahiz eta orduko hizkera aski aldatua dugun gaur):

  1. Izkeraketz eta gizarteketz, euskera ayolaz landu ta yagoten zain egotea, Bazkun aunen elburua da: andik ere bere izena.
  2. Zainbide bioi dagokienez, Sail bitan ere bereizturik euskaltzaiñak beren arloan diardukete; euskal-ikerleen sailean, ta yagoleenean, lagun bakoitza bietan dagokelarik.

(Euskaltzaindiaren sortarauak, 1920)

Horrela, bada, Euskaltzaindia hizkuntzaren corpus-az arduratzen da, baina, halaber, baita berorren estatus sozialaz ere. Hortaz, handik hona bi Sailak izan ditu Euskaltzaindiak (Iker eta Jagon Sailak), bere jardueraren baitan.

Euskaltzainburuak

Euskaltzaindiak bere historian zehar izan dituen Euskaltzainburuen zerrenda dakargu orain hona, bakoitzari dagozkion kargu-datak emanez:

Resurreccion Maria Azkue R. M. Azkue (1919-1951)
I.M. Etxaide I. M. Etxaide (1952-1962)
J.M. Lojendio J. M. Lojendio (1963-1964)
Manuel Lekuona Manuel Lekuona (1967-1970)
Luis Villasante Luis Villasante (1970-1988)
Jean Haritschelhar Jean Haritschelhar (1989-2004)