42.940 forma jasotzen dituen Hiztegi Batuaren azken bertsioa sarean jarri du Euskaltzaindiak

UZEIren eta Euskaltzaindiaren arteko hitzarmena sinatu ostean, Hiztegi Batuaren azken bertsioa, gaur bertan sarean jarri dena, aurkeztu du Akademiak. Euskaltzaindiak arautu dituen 42.940 forma, erabiltzaile guztien esku jarri dira Akademiaren webgunearen bitartez, hemen. Andoni Sagarna eta Miriam Urkia Euskaltzaindiko Hiztegi Batuko lantaldeko kideek aurkeztu dute Hiztegi Batuaren azken bertsioa.

Hiztegi Batua bi alditan egin du Euskaltzaindiak. Lehen itzulia 2000. urtean amaitu, eta lehen argitaraldia kaleratu zuen paperean, 20.000 euskal hitzen forma arautuekin. Hori Hiztegi Batuaren lehen itzuliaren bukaera izan zen. Ordutik hona, bigarren itzulian, forma gehiago arautzen joan da, eta emaitzak paperezko beste bi argitaralditan ematen, azkena 2010ean.

Oraingoan, 2012. urtearen bukaera arte, bigarren itzulia osatuz, arautu dituen forma guztiak jarri ditu Akademiak bere webgunean. Guztira 42.940 forma ditu orain Hiztegi Batuak (36.843 sarrera eta 6.097 azpisarrera), paperezko azken bertsioak baino 2.763 sarrera eta 508 azpisarrera gehiago.

UZEI-Euskaltzaindia txikia 002

2009tik hona, bultzada handi bat eman dio Euskaltzaindiak Hiztegi Batuari, horretarako sortu zuen Hiztegi Batua (2. itzulia) Batzorde Ahaldunduaren lanari esker. Horri esker, 2. itzuli osoa amaitutzat eman du, Osoko Bilkurara joan aurretik eztabaidatu baititu Batzorde Ahaldunduak arazoak zituzten formak, eta onartzekoak bakarrik eraman baitira bilkurara.

Hiztegi Batuak hitzen forma estandarrak biltzen ditu, “hiztegi ortografikoa” da. Euskaraz idazterakoan sortu izan den hainbat zalantzari erantzuna ematera dator, hala nola beste hizkuntza batzuetan jatorria duten nazioarteko hitzen formak (iceberg, webgune, etab.), nazioartekoak izan ez arren erabilera zabala dutenenak (txupete), hainbat herrialdetako biztanleak adierazten dituzten hitzenak (hegosudandar, jubatar, etab.), arazo konplexuagoak izan ditzaketen forma berrienak (immunoeskasia, etab.) eta beste zenbait arazo zituztenak finkatzen ditu. Horretaz gain, lehendik arauturik zeuden forma batzuk ohar argigarriz eta xehetasunez osatu dira.

Bestalde, Hiztegi Batuko forma bakoitza erabakitzeko Euskaltzaindiak erabili dituen irizpideak ezagutu nahi dituenarentzat webguneak badu Hiztegi Batu Oinarriduna (HBO) izeneko atala. Hiztegi Batua landu denean egin diren txostenak, iritzi-emaileek edo euskaltzain osoek egin dituzten oharrak eta hartu diren erabakien zergatiak gordeta dauzkan datu-basea kontsulta daiteke HBO izeneko gunean, hemen.

Joan zen udazkenean, Hiztegi Batuaren lehen itzuliko sarrerak eta azpisarrerak beren kategoria gramatikal, adiera, adibide, espezialitate-marka eta erabilera-oharrez hornituak dituen Euskaltzaindiaren Hiztegia. Adierak eta adibideak argitaratu zen, eta lanean ari da lantalde bat orain webguneratu den eduki osoa era berean prestatzen.

Idatzi iruzkina

Security code
Refresh