Bilboko, Donostiako eta Gasteizko Elizbarrutien eta Euskaltzaindiaren arteko lankidetza-hitzarmena deituren idazkera finkatzeko

Bilboko, Donostiako eta Gasteizko Elizbarrutiek eta Euskaltzaindiak lankidetza-hitzarmena izenpetu dute euskal onomastikaren eremuan elkarrekin aritzeko. Hitzarmena, Mario Iceta Bilboko gotzainak, Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzainak, Miguel Asurmendi Gasteizko gotzainak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak izenpetu dute.

Otsailaren 7an sinatutako hitzarmenaren xedea euskal deituren grafia finkatzea da. Horretarako, Bilboko, Donostiako eta Gasteizko Elizbarrutiei dagozkien parrokietako sakramentu liburuetako deituren aldaerak erabiliko dira iturri gisa. Aipatu deiturak datutegietara atera dira eta Elizbarruti bakoitzak bereak ditu ikusgai bere web-ean, eta Irargi-ren web-ean hirurenak, hiru Elizbarrutiek Eusko Jaurlaritzaren Kultura Departamentuarekin izenpetu duten hitzarmenari esker. Sail honetako liburu zaharrenak XV. mendekoak dira eta bertan, besteak beste, gure arbasoen euskal deitura asko jasotzen dira. Denboran zehar deituren idazkera bera aldatzeaz gain, gaztelaniazko grafia erabili izan da berauek idazteko garaian, eta, horren ondorioz, deiturak, sarritan, itxuraldaturik ageri dira.

eliz txikiaa

Gaur egun deituren grafia araututa ez izateak identifikazio, erregistro eta jarraipen arazoak sortzen dizkie pertsonei eta administrazioei. Horrez gain, zalantzak sortzen dira pertsonak aipatzean, deituren idazkeretan mendez mende egon diren aldaketengatik. Adibide ezagunenetakoa Etxeberri bada ere (Echeverri, Echeberri, Echeverry, Echeberry, Etcheberri edo Etxcheberri moduan agertzen da), ezagunagoak diren beste batzuk ere itxuraldaturik ageri dira. Esate baterako, Jauregi deitura, Jaureguy, Jauregui, Jaúregui edo Yauregui moduan agertzen da denboran zehar. Egoera askoz korapilatsuagoa da deiturak gaztelaniaz ez dauden fonema/soinuen jabe direnean. Esaterako, Zuatzubizkar deitura honela ageri da denboran zehar: Cuaçu Viscar, Çuaçubiscar, Çuaçubizcar, Çuaçobiscar, Zuazobizcar, Zuazubiscar eta Zuazubizcar, edo baita, Çuaçuviscar, Çuaçuvizcar, Çuaçoviscar, Zuazovizcar, Zuazuviscar eta Zuazuvizcar bezala ere.

1998an Euskaltzaindiak, Eusko Jaurlaritza eta Madrilgo Justizia Ministerioarekin batera, euskal deiturak arautzeko eta normalizatzeko asmoz, liburu bat argitaratu zuen. Hura osatu eta hobetu nahian, orain, bigarren edizio bat prestatzeari ekin nahi dio Euskaltzaindiak. Argitalpena ahalik eta osatuena izan dadin, deiturek mendeetan zehar izan dituzten aldaerak bildu nahi ditu Euskaltzaindiak, egungoak zein historikoak, gizabanakoei zein ikerlariei edota instituzioei baliagarri gerta dakizkien. Era berean, arauzko idazkerak bilaketak eta aurkibideak garatzeko balioko du, herritarren bilaketak eta ikerlarien lana erraztuz.

Euskal Autonomia Erkidegoko hiru Elizbarrutiek eta Euskaltzaindiak izenpetu duten hitzarmenaren arabera, bi epetan gauzatuko da lan hau: lehenengoan, hiru Elizbarrutiek 1700. urtera arteko deituren erlazioak emango dizkiote Akademiari arautu ditzan; Euskaltzaindiak, berriz, emaitzak biltzen dituen deitura arautuen datutegi bana emango die Elizbarrutiei. Lan hori amaitutakoan, bi aldeei ongi iritziz gero, 1700etik 1900 arteko deituren azterketa egingo da. Sinatu den hitzarmenean aurreikusi denez, lehen zatiari dagozkion lanak, 2013-2014 epean egingo dira.

Idatzi iruzkina

Security code
Refresh