Atzo, azaroaren 20an, Madrilen, Espainiako Institutu Geografikoaren egoitzan, bilera egin zuen Izen Geografikoen batzorde espezializatuak. Azken urteotan bezala, Mikel Gorrotxategi Onomastika zerbitzuko arduraduna bertan izan zen, Euskaltzaindiaren izenean.
Batzordea Geografiako Kontseilu Nagusiaren atal bat da eta bere xedeak izen geografiko edo toponimoen erabilera normalizatzea eta ezagutza dira.
Bertan biltzen direnak izen geografikoetan adituak dira, eta Estatuko Administrazio Orokorreko eta autonomia erkidegoetako ordezkari gisa hartzen dute parte. Halaber, unibertsitateetako, hizkuntza akademietako eta toponimiarekin zerikusia duten bestelako erakundeetako ordezkariak ere badaude.
Bere zeregin nagusiak honako hauek dira:
- Toponimiaren normalizazioa bultzatzea espainiar Estatuan, erakunde eskudunekin lankidetzan.
- Izen geografikoen ezagutza, erabilera normalizatua eta ondare kultural gisa duten balioa sustatzea.
- Geografiako Kontseilu Nagusiaren batzorde iraunkorraren aurrean proposamenak aurkeztea.