Datorren ostegunean, urriaren 23an, "Etxea eta literatura" deituriko hitzaldia emango du Adolfo Arejita euskaltzain eta Akademiako Iker sailburuak. Bilboko Plaza Barrian izango da, Euskaltzaindiaren egoitzan, goizeko 10:30ean, (gaztelaniaz) eta 12:00etan (euskaraz).
Bi hitzaldiotan etxearen sinbolismoa euskal literaturan aztertuko du, batez ere Txomin Agirreren eleberrietan.
Ekimena Ondarearen Europako Jardunaldien barruan kokatzen da. Jardunaldiok urrian zehar burutzen ari dira. Euskaltzaindiak "Euskal Herriko etxeak: etxeen izenak eta esanahiak" izeneko hitzaldi zikloa antolatu du.
Horrezaz gain, "Etxea XX. mendeko euskal pentsamenduan. Hiru intelektualen ekarpena: Agirre, Lhande eta Barandiaran" izeneko erakusketa ere prestatu du Akademiak; urriaren 31ra egongo da zabalik, goizeko 9:00etatik arratsaldeko 14:00etara, Bilboko Plaza Barrian. Erakusketa horren bertsio digitala ere egin du Akademiak.
Euskaltzaindiaren egitaraua, 2014ko Ondarearen Europako Jardunaldietan (PDF, 1,2 MB)