Erramun Baxok soziolinguista eta ohorezko euskaltzaina, eta Manex Pagola idazle, kantari eta euskaltzain urgazlea eta, eurekin batera, Patrice Rouleau marrazkilaria omendu zituen atzo, apirilaren 21ean, Sarako Euskal Herriko Idazleen Biltzarraren 31. edizioak. Euskal Kultur Erakundeko Pantxoa Etxegoinen esanetan, "hiru xinaurri".
Sariak eman ostean, ohiko aurreskua eta Agur, jaunak kantaz gain, Manex Pagolak idatzitako Ez dut bilatzen abestia kantatu zuten.
Iaz omendu zuten Jean Haritschelhar zena ere gogoan izan zuten atzoko Biltzarrean.
Euskaltzaindiak hiru liburu aurkeztu zituen: Le fondement moral des droits culturels de l'homme (Kultura eskubideen oinarri etikoak), Piarres Charrittonena; Amodioaren Martirra. Dolores emazte bat berthutez bethea, Ernest Daudetena, Xabier Altzibar da edizio kritiko eta modernoa egin duena; eta Zubererazko istorio, alegia eta ipuin irri-egingarri, Jean-Baptiste "Battittu" Coyosena.