plazaberri_goi
Ibai izenen erabilera zuzenaz: Bidasoa PDF Print E-mail
Berriak
Written by Andres Iñigo   
Monday, 26 July 2010 09:01
Euskaltzaindia Euskal Herriko ibai nagusien izenak arautzen ari da. Onomastika batzordeak bederatzi multzotan banatutako 400 ibai izen inguru aztertu eta proposatu ondoren, osoko bilkurak beste bederatzi bilkuratan berraztertu eta onartzea aurreikusi da.

Azkeneko bi bilkuretan bi lehenbiziko multzoak onetsi dira, Bizkaiko mendebaldeko mugatik hasi eta Gipuzkoako ekialdekoraino Kantauri itsasoan isurtzen diren ibaienak eta berauen erreka-adar nagusienenak, hots, Karrantzatik hasi eta Bidasoraino.

thumb_2010-7-23.osoko_batzarra_donostian_003
Toponimoetan ohi den bezala, amaierako a bokala berezkoa ez bada, artikulua baizik, Euskaltzaindiak izenaren ondotik (-a) marka jartzen die, izen hori deklinatzean nola jokatu behar den jakin ahal izateko, esaterako Deba, berezkoa delako, baina Bidasoa (-a), artikulua delako.

Hori dela eta, Bidasoa izena deklinatzean honela egin behar da: Bidasoa, Bidasoan, Bidasoarekin..., baina Bidasoko, Bidasotik, Bidasora... Era berean, izen horrek bere azken -a galtzen du ondoan beste determinatzaile bat edo adjektiboa daramanean. Adibidez: Bidaso maitea, Bidaso osoan, gure Bidaso hau...

Erabaki hau hartzeko, Euskaltzaindiak inguru horretako euskaldunen erabilera izan du kontuan. Izan ere, XIX. eta XX. mendeetako testuetan erabat arruntak dira gisa honetako aipuak: Bidasora doaz; Bidasoko Bera; Bidasoko nekazarien biltzarra; Baztan, Malerreka eta Bidasoko gazteria, etab. Bertako herritarren artean bildutako ahozko testigantzak ere erabilera horren alde mintzo dira, arruntak baitira, batik bat, adin batetik goitikoen artean gisa honetako esaldiak: Bidásora bota zuten; Bidásotik atera zuten; Bidásoko izokinak, etab. Horretaz gain, kontuan izatekoa da, herritar izena edo ‘jentilizioa' deitzen dena, azken -a hori gabekoa dela, hots, bidasotarra, eta ez *bidasoarra.

Hortaz, erabat baztertzekoak dira azkenaldi honetan, bai idatziz bai ahoz, hedatzen ari diren gisa honetako esaldiak: *Bidasoako trenbide zaharra; *Bidasoaraino iritsi ziren; *Bidasoatik pasatu ziren; Baztan-*Bidasoako ingurua; *Bidasoako hitza... Horien ordez bertze hauek erabili behar dira: Bidasoko trenbide zaharra, Bidasoraino iritsi ziren, Bidasotik pasatu ziren, Baztan-Bidasoko ingurua, Bidasoko hitza...

Andres Iñigo
Onomastika batzordeburua

 
Junes Casenaveri omenaldia. Txomin Peillenen hitzak PDF Print E-mail
Berriak
Written by Prentsa Zerbitzua   
Friday, 23 July 2010 09:32
Uztailaren 11n, Sü Azia elkarteak antolatuta, Junes Casenave idazle eta ohorezko euskaltzaina omendu zuten Altzain (Zuberoa). Besteak beste, hauek parte hartu zuten: Johane Erbin, Jean-Louis Aguer, Pierra Harguindeguy, Jean Bordachar, Jean-Louis Aranburu, Larraineko dantzari gazteek, Niko Etxart, Anixet Errecaret, Allande Socarros eta Jean-Louis Davant eta Txomin Peillen euskaltzain osoek.

Hona hemen Txomin Peillen euskaltzainak Junes Casenaveren omenez esan zituen hitzak.

Bestalde, Jean-Louis Davanten hitzak irakurtzeko, egin klik hemen.

thumb_casenave_junes

Txomin Peillen: "Junes Casenave Harigile gure adiskidea" 80,84 Kb

 
"Mugarik Gabeko Telebista" kanpainak bildutako 559.759 sinadura ontzat eman dituzte PDF Print E-mail
Berriak
Written by Prentsa Zerbitzua   
Wednesday, 21 July 2010 11:11
"Mugarik gabeko telebista" kanpainak ezarritako helburua lortu du, eta hala onartu du, idatziz, Espainiako Hauteskunde Erroldaren bulegoak: bertan entregatu dira 651.650 sinadura, horietatik 559.759 ontzat eman direlarik. Hortaz, herri ekimenari esker, pausorik garrantzitsuena eman da, eta lortu behar zen sinadura kopurua erraz gainditu da. Acció Cultural del País Valencià elkarteak adierazi duenez, lanean dihardu, lege proiektu bat aurrera irten dadin.

Euskal Herrian, eta batez ere Nafarroan, kanpainak arrakasta handia izan du. Hala, Euskaltzaindian 12.420 sinadura bildu ziren. Jakina denez, "Mugarik gabeko telebista" kanpaina Herrialde Valentziarrean sortu zen, eta bere xede nagusia hauxe da: hizkuntza bera duten erkidegoetan irrati-telebista emisioak jaso ahal izateko eskubidea legez bermatzea eta, horren ondorioz, Nafarroan Euskal Telebista ikusten jarraitzea. Euskaltzaindiarekin batera, Kontseiluak eta Eusko Ikaskuntzak babestu zuten kanpaina hau.

televisi_sense_fronteres

 
"Plazaberri" berripaperaren zenbaki berria kalean PDF Print E-mail
Berriak
Written by Prentsa Zerbitzua   
Tuesday, 20 July 2010 09:06

Plazaberri berripaperaren zazpigarren zenbakia argitara eman du Euskaltzaindiak. Hauek dira zenbaki honetako gai nagusiak: Patxi Uribarren euskaltzain osoaren sarrera-ekitaldia eta Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren I. eta II. liburukien aurkezpena.

Horretaz gain,  Euskaltzaindiko kudeatzailearen izendapenaren berri ematen da -Joseba Zabaleta da eta ekainaren 1etik dabil lanean- baita Akademiak Nafarroako Gobernuarekin, Noticias de Gipuzkoa egunkariarekin eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin sinatu dituen hitzarmenei buruzko informazioa ere.

Euskaltzaindiaren azken argitalpenak -paperean eta sarean- eta Akademiaren webguneari buruzko zenbait datu ere eskaintzen dira zazpigarren zenbaki honetan.

thumb_plazaberri7_azala

"Plazaberri"ren 7. zenbakia 1,75 Mb

 
Hiztegi Batua (2. itzulia) batzorde ahaldundua PDF Print E-mail
Berriak
Written by Prentsa Zerbitzua   
Monday, 19 July 2010 10:14

Uztailaren 12an, Hiztegi Batua (2. itzulia) batzorde ahaldunduak bilera egin zuen. Batzorde hau 2009an sortu zen, eta bere xedea hauxe da: Euskaltzaindiaren osoko bilkuraren ahalez eta eskuz, Euskaltzaindiaren Hiztegi Batua eztabaidatzeko prozedura arintzea, egitasmoaren epeak laburtuz eta egitasmo horri bukatze-data eskuragarriagoa emanez.

Batzorde honek Hiztegi Batuaren 2. itzuliko zerrendak aztertu ondoren, euskaltzainek ohar idatziak egin dizkieten hitzak aztertzen ditu, eta dagokion erabakia hartzen du.

Batzorde honen burua Andoni Sagarna Iker sailburua da, eta Xabier Kintana da idazkaria. Miren Azkarate, Pello Salaburu eta Patxi Uribarren euskaltzainak eta Jose Antonio Aduriz Hiztegi Batuko lantaldearen arduraduna dira batzordearen kideak. Bilerak bideokonferentziaz egiten dituzte, Bilbotik eta Donostiatik. Hilean bi bilera egiten ditu batzorde honek, eta saio bakoitza bi ordu eta erdikoa da.

thumb_2010-7-12.batzorde_ahaldunduen_bilera_019

 
<< Start < Prev 1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 Next > End >>

Page 3 of 82
Euskaltzaindiaren 2009ko Oroitidazkia

Euskararen Herri Hizkeren Atlasa

Hiztegi Batu Oinarriduna

Lexikoaren Behatokia

BBK-Euskaltzaindia literatura ataria

banner_irizar

August 2010 September 2010 October 2010
Mo Tu We Th Fr Sa Su
Week 35 1 2 3 4 5
Week 36 6 7 8 9 10 11 12
Week 37 13 14 15 16 17 18 19
Week 38 20 21 22 23 24 25 26
Week 39 27 28 29 30

Saioa hasi

RSS
© 2010 Euskaltzaindia.Legal Notice