|
Eusko
Pizkundearen barnean (1876-1936) eta testuinguru jakin batean (Oñatiko
Eusko Ikasketen Batzarreko egunetan) sortu zen Euskaltzaindia, hau da,
euskara goreneko kultur baliotzat harturik berori babestu eta sustatu
nahi zen unean.
XIX.
mendeko hainbat euskaltzalek jada azpimarraturik zuen, lehenagotik ere,
hizkuntzaren defentsarako Akademia baten premia (Ulibarri, 1832; Aizkibel,
1856; Abadia eta Duvoisin, 1862; Manterola, 1880; Artiñano, 1886), eta,
hain zuzen, XX.eko lehen hamarkadetan jakitun eta herritarren elkarte
ezberdinek ere eskatu zuten halako erakunde bat lehenbailehen eratzea.
Azkenik, atzerriko (Bonaparte, Van Eys, Schuchardt, Dodgson, Gavel, etab.)
eta geure herriko ikertzaileek (Campión, Azkue, Urkixo, etab.) lagundu
zuten asmoa, eta, aldi berean, garaiko herritarren elkarte euskaltzaleek
(Euskal Esnaleak, adibidez). Horri guztiari esker sortu zen giro egokia
hizkuntzaren Herrialde Historikoetako Herri Erakundeek Akademiaren Hizkuntza
Erakundea sor zezaten.
Horretarako
lehen ekimena Bizkaiko Aldundian jaio zen, eta ondoren atxiki zitzaizkion
asmo horri penintsulako beste lurraldeetako hiru aldundiak (1918), eta
horren ondorioz onartu zen lehenengo Arautegia eta juridikoki eratu Euskaltzaindia
(1919ko urrian). Urtebete geroago hasi zen bere bidea egiten Akademiaren
buletin ofiziala gertatu den Euskera aldizkaria, Erakundearen arauak eta
ikerlanak jaso izan dituena.
Euskaltzaindiko barne-erakundeztapena eta eraketa honela laburbil daiteke
gaur egun: Gobernu-Zuzendaritza bat du, lehenik, bere Euskaltzainburuarekin,
Buruorde, Idazkari eta Diruzainarekin. Zuzendaritzakide dira, halaber,
Ikersailburua eta Jagonsailburua. Bestalde, Erakundearen osoko bilkurak
hilabetero egin behar dira, gutxienez. Indarrean dagoen Arautegiaren arabera
24 dira euskaltzain osoak, eta mugatu gabe dagoen urgazle kopuru bat izan
daiteke, gainera.
Euskararen lurralde osoa dauka bere barrutitzat Euskaltzaindiak, Bilbon
du bere egoitza nagusia, eta Baiona, Donostia, Iruñea eta Gasteizen ordezkaritzak
ditu.
|